XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iparraldea

TXOMIN GARMENDIA

Agorraren 22'an Mattin zanari bere jaioterri Ahetze'n egin zioten omenaldian parte artzerik izan ez banun ere, jakin ditut bertako berriak.

Mugaren bi aldetatik jende asko bildu omen zan, nola alkartasun bazkarian ala arratsaldeko bertso saioan.

Mattin eta Xalbador aurkitu eta plazaratu zitun Teodoro Hernandorena ere an omen zan, larogei ta amairu urte bizkarrean zitula emaztea lagun arturik.

Urrengo Bertsolari Egunean omenduko dan bat Teodoro izango da, eta Jaunak nai dezala osasuntsu Donostiratzea.

Zalantzik ez dago alako jaialdiarekin asko poztuko zirala Mattin zanaren emazte, seme eta gaiñerako aideak.

Mattin zanak esango zukean bezela, lagunen maitetasuna baita emen gauzik aundiena.

Norbait omendu edo jendearen aotan dabillenean, bere liburuak irakurtzeko oitura det (baldin badu beintzat).

Mattin'en Etxe Xokotik Kantari liburu atsegingarria irakurri orduko, Urte Berritan izenburuarekin datorrena artu det gai nere au osatzeko.

1981'ko urte berriaren aseran bozketa edo auteskundeak izan ziran Prantzi'n Iparraldea barruan zala, eta ara Ahetze'ko bertsolariak zer esaten digun:

Libertatea gauza bat
da munduko ederrena,
gizona trankil bizitzeko
hori da gauza beharrena.
Guk ere hemen behar ginuke
Hego aldean dutena,
kontent litzaiket aurten baginu
horiek izan duten laurdena.

Gu ere keja keja, baiña guk degun laurdenarekin ere konten litzakela dio Mattin'ek.

Eta bertsolariak ondo ezagutzen zitun mugaren bi alderdiak.

Ondo bizitze ezkero, gu baiño beeragokoari begiratzea zala onena erakutsi ziguten guraso zaarrak.

Guk ordea askoz gorago dabillenari begiratzen diogu eta or sortzen zaizkigu komeriak.

Iparraldeari buruz oker aundiak izan ditugula ez dago zalantzik; gure ontan ikurriña galerazia zegon garaietan an aske zegolako, zerua juzkatuko gendun Iparraldea; etzan ala ordea Mattin'en onako, bertso ontan esango digun bezela:

Nik gogoa baitut beti
Euskal Herriko gauzetan,
hori dabil euskaldunen
gogo eta bihotzetan.
Gu hemen beti mutil gabiltza,
nausiak berriz bertzetan;
bearbada zerbait sanjatuko da
laster heldu den bozetan.

Askok eta askok ikurriña lenengo an ikusi gendulako-edo, ipartar amorratua gera.

Adibidez: Batu modako ori egiteko ere Iparraldeari eldu zioten buru-belarri.

Bizkai ere bada zerbait, baiña bizkaierakin etzuten ardura aundirik izan.

Gure ormetan edo paretetan, frantsez produktorik ez erosi irakurriko degu, eta bulegoa, greba eta abar ez ote dira frantsez produktoak?

Esan zitekean-ba, alako ardura izan degulako Iparraldearekin, Euskera indartsu bizi bear lukela alderdi artan?

Zakurraren putza.

Adibidez Donibane'n edo inguruko errietan belarriak erne ditudala ibilli arren aruntz joaten naizen guztitan, itz bat ere ez det entzuten Euskeraz.

Gogoan det Basarri eta Uztapide Gipuzkoa'ko Aldundiak omendu zitunean, zer arritze izan zuten Iparraldetik etorri ziran bertsolariak.

Ala zioten: Aldundi batean bertsulari pesta izatea ez gendun bereala sinistuko.

Iparraldeko Euskal-Pesta asko ere, emendik aruntz joandakoari esker egin izan dira.

Besteak-beste or daude lekuko: Hernandorena, Montzon eta abat.

Mattin'ekin eta Xalbadorekin prankotan egokitu nintzan; aiek gurearen zaletan bizitzen ziran Bertsoetako soldatik geienak ere gure ontan irabazi zituzten.

Uste det zerbait esan nai dula.

Aurrez aitatu ditudan auteskundeak pasako ziran, agian geiago ere bai, baiña ipartarrak artuko luteke emen daukaguna.